CASTELLANO | 2009ko urtarrilaren 6a
aquí esta la fecha
Eskualdeko klima ozeanikoa da, klima epel-hezea delakoa. Iberiar Penintsularen iparraldean aurkitzen ahal da klima hori; alegia, Galizian, Asturietako Printzerrian, Kantabrian, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroa iparraldean, eta Aragoiko eta Kataluniako Pirinio aldean.
Euri kantitate handia da klima ozeanikoaren ezaugarri nagusietako bat, urte osoan zehar izaten baitira euri-jasak. Neguan izaten da euri kantitate handiena; txikiena, berriz, udan izan ohi da, Azoreetako antizikloiaren eraginaren ondorioz, iparraldera mugitzen baita hura. Euria samurra izaten da, eta horrek ura lurrean iragaztea errazten du.Tenperaturak epelak izaten dira, eta anplitude termikoa txikia da (15° C-koa baino txikiagoa). Hala ere, bada alderik kostaldearen eta barnealdearen artean. Uda freskoak eta negu epelak dira nagusi, baina, barnealdean, urritu egiten da itsasoaren eragina, eta neguko tenperatura hotzagoa izaten da.
Kantauriar ibarretako klima ozeanikoari dagokionez, hantxe baitago Lesaka, klima epela eta euritsua da. Izan ere, Kantauri itsasoa hurbil dago gure eskualdetik, ez gaude itsas mailatik hagitz goiti, eta aukera handia dago euria egiteko.Urtaroei dagokienez, berriz, honako hauek dira bereizgarri nagusiak:
Udaberria poliki-poliki sartzen da, ez bat-batean: egun latzak eta egun apalagoak tartekatzen dira. Tarteka, hotza egiten du (neguan bezalaxe), eta bero-kolpeak ere izaten dira aldian-aldian (udan bezalaxe). Udaberrian, Nafarroako tokirik epelenetarikoa da gure eskualdea.
Uda Nafarroako samurrenetarikoa izaten da, baina, egun batzuetan, desatsegin samarra izaten da hezetasun maila handia.
Udazkena da udaren eta neguaren artean zubi-lana egiten duen urtaroa. Udatik udazkenera ere ez da gradualtasunik izaten; udaberrian bezala, egun latzak eta egun apalagoak tartekatzen dira. Tenperaturak beheiti egiten du, baina aldaketa ez da bertze urtaroetakoa bezain bortitza. Behin udazkena sartuta, tartekatu egiten dira euririk gabeko egun eguzkitsuak —uda txiki deiturikoak— eta egun euritsuak —fronte polarreko ekaitzek eraginak.
Negua oso epela izaten da, Nafarroako epelena; gauetan, ez du horrenbertzeko hotzik egiten, eta Nafarroako bertze eskualde batzuetan baino horma gutiago egiten du. Urtarorik euritsuena da; udaberriak eta udazkenak ere oso euritsuak izaten dira.
Urteko egun anitzetan botatzen du langarra eta euri fina. Nafarroako tokirik euritsuenetakoa da: 1200 mm eta 2500mm artean botatzen du.
Azkenik, tenperaturari dagokionez, txikia da urte osoko oszilazio termikoa: 14° C da urteko tenperaturaren batezbestekoa.