CASTELLANO | ENGLISH | 2012eko otsailaren 9a
aquí esta la fechaNafarroa ipar-mendebaldean dago aztergai dugun eremua, 400-600 metroko garaieran. Ezaugarri horien arabera, estai muinotarrean kokatzen da. Halako paisaietan hariztiak eta lizardiak ohikoagoak diren arren, pagadiak dira han nagusi. Azidofilo kantabriar-euskaldun serieko pagoa da (Saxifrago hirsutae-Fageto sylvaticae Sigmetum).
Egia erran, halako zuhaitzak ohikoagoak dira mendialde garaiagoetan (600-650 m eta 1600-1700 m), baina, eskualdea hagitz euritsua denez, garaiera-maila baxuak erdiesten dituzte hango zuhaitzek, 400-500 m ingurukoak, hain zuzen. Ipar-mendebaldera ere, Gipuzkoatik hurbil dauden mendietan, zuhaitz mota hori nagusitzen da 300 m-tik goiti.
Pagoa (Fagus sylvatica) da eskualdeko zuhaitzetan nagusi. Hagitz zuhaitz altuak eta itxura ederrekoak dira, eta fisionomia berezia ematen die horrek inguruko basoei: zuhaitz altuak dituen basoa da, freskoa eta iluna. Pagoak, ur kantitate aski duenean, gainerako espezieak ordezkatzen ditu, itzal indartsua eginez eta hostatze-prozesua arinduz. Gutitan agertzen da pagoa bertze zuhaitz mota batzuekin: haritz kandugabea (Quercus petraea), urkia (Betula celtiberica) eta otsalizarra (Sorbus aucuparia), bertzeak bertze.
Basopea ere arrunt urria da. Zuhaixka-geruza hagitz eskasa da; gorosti (llex aquifolium) eta elorri (Crataegus monogina) bakan batzuk ageri dira. Halaber, urria da belar-geruza ere.
Pago anitz moztu egin dituzte, eta espezie pinaburudunak landatu dituzte haien ordez: pinu zuria (Larix kaempferi), izei gorria (Picea abies) edota Lawson-en nekosta (Chamaecyparis lawsoniana). Pinu zuria Japondik ekarria da (pinu zuri japoniarra), eta baso-zuhaitz gisa hazi izan dute, Gipuzkoan batez ere, eta baita Nafarroa iparraldean ere, 400 m-tik goitiko eremuetan. Izei gorria, berriz, basoak berritzeko erabili izan da, 500 m-ko garaieran. Zain-sistema azalekoa dutenez, haize gutiko tokietan landatzen dituzte.
Lawson-en nekostari dagokionez, Ipar Amerikako mendebaldeko kostaldean hedatzen da, Oregondik Kaliforniaraino. Basoak berritzeko erabili izan da; hagitz egitura trinkoak eratzen dituzte, eta ez dute ia argirik sartzen uzten.
Itxura eskasagoko zuhaitzak hedatzea dakar pago azidofiloa desagertzeak; errate baterako, basoa sortu aitzineko fase bat izaten da, eta zuhaixkak nagusitzen dira: isats beltza (Cytisus scoparius), elorri beltza (Prunus spinosa), elorri zuria (Crataegus monogina) eta sasia (Rubus sp.). Basoaren berritze-prozesuaren azken aldera, bertze espezie batzuk agertzen dira: arrano-hegal itxurako iratzea (Pteridium aquilinum), urkia (Betula celtibérica) eta otsalizarra (Sorbus aucuparia).
Bertzalde, laharra eratzen den fasean, otea nagusitzen da, Daboecio eta Ulicetum gallii motakoen nahasketatik sortua. Erica generoko hainbat espeziek eratzen dituzte horiek (Erica vagans, Erica cinerea, eta, zenbaitetan, Erica tetralix eta Erica ciliaris); horiekin batera, ote kantauriarra, ote arrunta (Caluna vulgaris) zein ahabia (Vaccinum mirtillus) agertzen dira. Bertze espezie batzuk ere badira, hala nola: ote zuria (Ulex europaeus eta Ulex gallii), Lithodora prostrata, Agrostis curtisii eta Pseudarrhenatherum longifolium.
Zenbaitetan, artzantzaren eta suaren erabileraren eraginez, larre trinkoak eta neurri txikikoak sortu dira; espezie lastodunak nagusitzen dira haietan: Danthonia decumbens, Festuca nigra micropylla, Agrostis capillaris, eta, batzuetan, Nardus stricta. Gizakiak gehien maite duen zelai mota da hori; izan ere, udan, azienda zuria (ardiak) eta zaldiak bazkatzeko adina mantenu izaten da. Hala ere, euria dela eta, kostu handia eskatzen du, lixibiazio handia izaten baita oinarrietan, eta azidotze handia lurzoruan; horien eraginez, otea zabaltzen da era naturalean.
Bertzalde, estai muinotarreko azidofilo heze-hiperheze kantabriar-euskaldun motako haritza dugu, pago azidofilo kantabriar-euskalduna hazten den baldintza beretan (oinarri eskaseko lurzorua, klima hezea edo hiperhezea, eta udan idorterik eza) hazten dena, baina garaiera txikiagoetan. Haritz mota horren barrenean, haritz arrunta (Quercus robur) nagusitzen da, eta, han-hemenka, bertzelako zuhaitz mota batzuk ere agertzen dira: urki zeltiberiarra (Betula celtiberica), hostazuria (Sorbus aria), otsalizarra (Sorbus aucuparia) eta ametza (Quercus pyrenaica), bertzeak bertze. Mota horretako basoetan, oparoak dira belar-landarea, iratzea eta neurri txikiko sasia (otea). Baina, Agiña aldean euri anitz egiten duenez, ohiko kotatik beheiti lekualdarazi du pagoak haritza, eta gure eremutik kanpo gelditzen da.
Hegaztiak dira eskualdeko animaliarik deigarrienak, eta, haien artean, sai arrea (Gyps fulvus) nabarmentzen da; eskualdean, ohikoa da hegazti horiek ikustea, zeruan hegan nahiz Agiña gainaren azpiko haitzetan pausaturik. Agiña aldean, hain zuzen, ez da harritzekoa sai arre talde handiak ikustea (espezie taldekoia baita), eguzkitan goxo-goxo, edota, ekaitzaren ondoren, hegalak zabal-zabal dituztela, horiek eguzkitan idortzen. Haren tamaina handiak atentzioa ematen du (230 eta 265 zm-ko luzera izaten ahal du); gainera, gizakia anitz errespetatzen du, eta, horregatik, gizakiaren inguruneetara agertzen da. Labarretako haitzetan paratzen du habia. Segur aski, Agiña aldean ibiltzen diren sai arreek zerikusirik izanen dute Aiako Harrietako kolonia habia-egileekin; nolanahi ere, litekeena da bertze toki batzuetatik etorriak izatea; izan ere, Baztanen ere bada bertze kolonia habia-egile bat, eta ohikoa da sai arreak haien habiatik 100 Km urrutira ere hegaldatzea, haratustel bila.
Badira bertzelako hegazti harrapari batzuk ere, zapelatz arrunta (Buteo buteo) eta miru gorria (Milvus milvus), bertzeak bertze. Tamaina handikoak dira hegazti harrapari eguneko horiek (baina saiak baino txikiagoak, betiere), eta, beraz, erraza da haiek ikustea. Nolanahi ere, distantzia handira hegan egiten dutenez, zaila da haiek ikustea, horretarako ohiturarik ez izanez gero.
Belearen familiako hegaztiak ere anitz dira gure eskualdean; errate baterako, belabeltza (Corvus corone corone) eta belea (Corvus corax). Hagitz antzekoak dira bi espezie horiek; bien arteko bereizketa egiteko, tamainan erreparatuko dugu (belea handiagoa da), eta baita hegaztien buztanean ere (belearena kuneiformea da, alegia, erronbo-formakoa).
Harrapariez gain, tamaina txikiko txori anitz dago. Txonta arrunt (Fringilla coelebs), garrapo (Silta europaea), kaskabeltz (Parus spp.) edota pitxartxar burubeltz (Saxicola torcuata) anitz dago. Txonta arruntak, garrapoak eta kaskabeltzak baso inguruetan ibili ohi dira. Pitxartxar burubeltzak, berriz, toki irekietan ibiltzen dira, landaredi eta otadietan; horregatik, Agiña gainean ikusten ahal dira.
Sorbeltzak (Apus apus), enarak (Hirundo rustica) eta enara azpizuriak (Delichon urbica) ere atentzioa ematen dute. Udako espezieak dira horiek. Deigarriena zera da, etengabe aritzen direla intsektuak harrapatzen; hortaz, Agiñan une batez geldituz gero, behin eta berriz ikusiko ditugu gure inguruan hegaka, eta, batzuetan, lurretik hagitz hurbil.
Deigarria da, azkenik, okil handia (Dendrocopos major). Arrunt ezaguna da (tokilo da haren izen arrunta), anitz baitira, baina, bertzalde, baita haren lumatza zuri-beltz-gorri ikusgarriarengatik ere. Udaberrian, ez da zaila aditzea okilaren errepika azkar eta laburra, zuhaitzen enborrak zulatzean egiten duena.