CASTELLANO | 2009ko urtarrilaren 6a
aquí esta la fechaXIV. mendetik hona, hiru aldi ezagutu ditugu Lesakako udalaren armarriaren garapenean.
1373. urteko dokumentu batean ageri da lehen udal zigilua. Zigiluaren erdian, animalia bat ikusten ahal da, otso bat, segur aski. Armarriak inguru-ertz laukiduna du; hau da, txandakako lauki txiki sail batez osaturikoa.
XVI. mendearen erdialdean, armarri konplexuago bat erabiltzen zuen udalak dagoeneko. Hartan, Bortzirietako armarrietan agertzen direnen antzeko armak ageri dira; Arantzan, Beran, Etxalarren eta Igantzin ere badira horrelakoak.
Nafarroako Armagintza Liburutik aterea da haren irudia, eta guti goitibeheiti 1572. urtekoa da. Ikusten denez, Erdi Aroko sinboloak ageri dituzte armarriko bi laurdenek (otso bat gehitu zitzaien), eta azur kolorez (urdinez) eta gorriz margoturik dago armarriaren inguru-ertz laukiduna. Bertze bi laurdenetan, berriz, gezi- edo arpoi-mutur bana atzematen da.
Azkenik, 1735. urteko arma-sinestamendu batean agertu zen, lehenbizikoz, gaur egungo armarria. Aitzineko armetan oinarritzen da azken armarri horren lehen laurdena. Bertze laurden batean, Nafarroako kateak ageri dira, eta gainerako biek (gurutze bat hodei baten gainean, eta bi abarka haritz baten inguruan) izaera mitologikoa dute. Izan ere, 714. urtean izandako bataila bati buruzko eta lesakarrek Antso Abarka erregearekin izandako harremanari buruzko irudiak dira.
Jatorriz, aitzinako bandera militarren ereduari jarraitzen dio; haietan, San Andresen gurutze gorria azaltzen da, hondo zuriaren gainean.
Lesakako banderak paper garrantzitsua betetzen du bestaburu zibil eta erlijiosoetan. Prozesioetan, halabardadun zinegotzi batek lagunduta joan ohi da bandera; halaber, 1681. urtekoa da halabarda.
Oroit gaitezen, mende anitzetan, eta mugarekiko hurbiltasunarengatik batez ere, herritarrek miliziak eratu ohi zituztela beren udalerrietan; alardeak ere egiten zituzten aldian-aldian, beren armamentua eta instrukzioa berrikusteko asmoz betiere.
Halaber, 1735eko arma-sinestamenduan —lehenago aipatua—, garbi ikusten da aspaldi-aspalditik zutela Bortzirietako alkateek pribilegio berezi bat. Hona testuko pasarte bat: “... Privilegio y Regalía de ser Capitanes a Guerra, los Regidores Alferez con Vandera, y los Regidores modernos Sargentos...” (Oharra: "erregidore" erraten zitzaion antzina zinegotzi-karguari).
Andoni Esparza Leibar (Udaletxeko idazkaria)