CASTELLANO | 2009ko urtarrilaren 6a
aquí esta la fechaJatorria:
Agina inguruan dauden trikuharriak eta mairu-baratzak dira gizakiaren lehen arrastoak Lesakan.
Lesakari buruzko lehen aipamenak 1203. urtekoak dira, eta Gaztelako errege Alfontso VIII.ak Hondarribiari emandako hiri-gutunean agertutakoak, hain zuzen. Halarik ere, 1266. eta 1280. urteetako kontu-erregistroetan, ez da ageri Lesakatik jasotako inongo zergarik. Horregatik, badirudi XIV. mendearen lehen erdialdean sortu zela Lesakako hirigunea.
Pribilegioak:
1402an, Karlos III.a erregeak gehitu egin zituen haren aitak lesakarrei emandako pribilegioak, Lesakak laguntza handia emana baitzion hari, muga defenditzen. Izan ere, garai hartan, Gipuzkoako bidelapurrak erreinura sartu ohi ziren, sari bila. Pribilegio haiei esker, kontzejuek alkateak eta almienteak gehienez ere lau urterako aukeratzeko eskubidea zuten. Horretaz gain, lesakarrek ez zuten zergarik ordaindu beharrik gotorlekuetako lanak ordaintzeko, eta ordenantzak onartzeko eskubidea ere bazuten.
1411an, eraso bat izan zen, eta, haren ondoren, sute batek hartu zuen hiribildua; 88 etxebizitza suntsitu ziren. 1444an, Gaztelako soldaduek berriz ere suntsitu zuten hiribildua; ondorioz, Juan II.a erregeak zergak ordaintzetik salbuetsi zituen lesakarrak, 30 urtez.
Garapen ekonomikoa:1499. urtean, Joan Labrit eta Katalina errege-erreginek baimena eman zuten Lesakan hamabortzero merkatua eta urtero bi feria-egun —hamabortz egun iraunen zutenak— egiteko. Horrekin batera, burdinolak ezarri ziren; hortaz, merkatu-feriei eta burdinolei esker, nabarmen egin zuen goiti gure udalerriaren garapen ekonomikoak.
Garai hartan, biztanle kopurua anitz igo zen. Hala, 1486an, 500 biztanle zituen Lesakak; 1553an, berriz, 264 familia bizi ziren hiribilduan, eta, 1646an, 293 familia. Adierazgarria da 1786. urteko datua: 2.035 lagun bizi ziren garai hartan Lesakan.
Bertzalde, 1958an ezarri zen “Lesakako Laminazioak” enpresa; harekin batera hasi zen industrializazioa Lesakan, eta goititik beheitira aldatu zen udalerriaren izaera.